Itxasne Azpillaga eta 'Rey' zaldia azkarrenak, Zumaiako XV. Zaldi Lasterketan

160

Deskribapena

Bigarren urtez jarraian, Itxasne Azpillaga eta 'Rey' zaldia nagusitu dira Zumaiako santelmoen barruko Zaldi Lasterketan. Iaz bezala, Zierbenako zaldunak jardunaldi borobila osatu du Itzurun hondartzan, eta final estu baten ostean, Xabin Lazkano nahiz haren 'Krestot' zaldiaren eta Eneritz Etxabe zumaiarra zein 'Mogilevich' zaldiaren aurretik gurutzatu dute helmugako lerroa Azpillagak eta Reyk. Guztira, hamabost zaldunek eta zaldik parte hartu dute aurten hamabosgarrenez jokatu duten lasterketan. Bosna parte hartzaileko hiru sailkatze txanda jokatu dira lehenbizi, eta txanda bakoitzeko lehen biak zuzenean sailkatu dira finalera; besteek kontsolazio finala jokatu dute. Azken proba hori Miguel Caceresek eta 'Laida' zaldiak irabazi dute. Final nagusian, berriz, duela bi urte izandako istripuaz geroztik ezin hobeto dabilen Azpillaga eta 'Rey' nagusitu dira. Finala oso-oso lehiatua izan da, eta aurreneko postuak txandakatuz joan dira zaldunak. Zirkuituko azken aurreko bihurgunean, baina, Azpillagak eta 'Rey'-k aurre hartu diote Lazkanori eta 'Krestot' zaldiari, eta azken bikoteak ospatu du garaipena. Garaikurra eskuratuta, pozik agertu da zierbenarra. Xabin Lazkano bigarren sailkatuak eta Eneritz Etxabe hirugarrenak ere jaso dute aitortza, baita kontsolazio finaleko Miguel Caceres irabazleak ere.
Back to Top
INFOSARE  ERLO TELEBISTA GITB 28kanala OIZMENDI
TOKIKOM ej