Izetaren sagardoa, Goienetxeko gazta, euria eta jan-edana, Santio Eguneko protagonistak

1219

Deskribapena

Eguraldiak baldintzatuta ospatu dute aurten Santio eguna Azpeitian. Pattal esnatu da eguna, eta euriak tarteka ateri eutsi dion arren, aterpe bila ibili dira plazara gerturatu diren herritar gehienak. Hala ere, festak ez du hutsik egin, eta jende ugari elkartu da sagardoaren, gaztaren, txekorraren, hegaluzearen eta ganaduaren bueltan. Goizean hasi dira Baserritarren Eguneko ekintzak, eta udal musika banda izan da kaleak girotzen aurrena. Euria tarteko, kalejira egin beharrean, udaletxeko arkupeetan jo ditu pieza gehienak. Ondoren, Perez Arregira jaitsi dira Erdikaletik, eta Urolakoen Nafar Zuzterrakekoek hartu diete lekukoa. Horiek kalejira egin dute Perez Arregi plazatik hasita, herriko plazaraino. Euritan egin dute bidea, baina ohi ez bezala, aurten dantzak Sanagustin kulturgunean egin dituzte, Nafarroako banderari gorazarre eginez. 11:00etan hasi dira gazta txapelketako epaimahaikideak dastaketa lanetan. Azoka Plazan jarri dute mahaia, eta han dastatu dituzte sariketara aurkeztutako gaztak. Hogeita lau gaztagilek parte hartu dute aurtengo txapelketan. Eguerdiko 12:00ak jotzerako atertu du, eta ordurako jende mordoxka bertaratu da 49. Sagardo Txapelketaren bueltako festara. Aurten, 23 sagardotegik parte hartu dute sariketan, eta horien guztien edariak dastatzeko aukera izan dute Azpeitira bertaratutakoek. Bitartean, astotegian, ganadu erakusketa izan da, eta ohi bezala ikusmina sortu du. Aterkia esku batean, eta edalontzian edo pintxoa bestean. Horrela ibili dira Azpeitiko plazan elkartutako herritar gehienak. Urtero moduan, ilara luzeak izan dira txekor errearen eta hegaluzearen pintxoak eskuratzeko orduan, estimatuak izaten baitira pintxo horiek sagardoarekin batera dastatzeko. Eguraldiak ez du herritarren gosea apaldu, eta txekor errearen pintxoak ordu eta erdian agortu dira. Hegaluzea ere izan da aukeran, eta 250 kilo hegaluze erre dituzte parrilan, eta horiek guztiak ere banatu dituzte. Azpeitiko misio taldeko kideak eta boluntarioak arduratzen dira txekor errearen pintxoak banatzeaz, eta lanak amaituta, gustora agertu dira izandako harrerarekin, baita hegaluzea parrillan egiten aritu direnak ere: Jan-edana bezala, gazta eta sagardo txapelketak ere badira Santio Eguneko protagonistak. Plazako kioskoan, 12:00etan hasita, sagardo txapelketako epaimahaiak lanean jardun du sagardorik onena aukeratzeko. Txapela Izeta sagardotegiak irabazi du, 133 puntu lortuta. Haren atzetik, Barkaiztegik egin du, 130 puntu eskuratuta, eta hirugarrena Petritegi gelditu da, 127 punturekin. Sagardo txapelketako sariekin batera Ardi Gazta Txapelketako sariak banatu dituzte plazako kioskoan, eta irabazlea Mutrikuko (Gipuzkoa) Goienetxe gaztandegiko Beñat Egaña izan da, 332 puntu eskuratuta. Bigarren, Legazpiko Makatza gaztandegiak egin du eta Kortaria gaztandegiko gazta izan da hirugarrena. Izeta sagardotegiko Sebastian Iruretagoiena eta Goienetxe gaztandegiko Beñat Egaña oso pozik eta hunkituta agertu dira saria jaso berritan. Kantujirakoek ere kantuz alaitu dituzte Alde Zaharreko kaleak, eta Hazparneko kideekin batera gora eta behera aritu dira askotariko euskal kantak abesten. Beste urte batez, festak hartu du Azpeitiko plaza Santio Egunez, eta euriak euri, herritarrek jakin dute jai giroz bustitzen.
Back to Top
INFOSARE  ERLO TELEBISTA GITB 28kanala OIZMENDI
TOKIKOM ej