Mariasun Landari aitortza eginez ireki dute Geure Gelatik liburu azoka

1803

Deskribapena

Zabalik da Geure Gelatik liburu azoka. Atzo arratsaldean ireki zuten Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako liburu azoka, eta antolatzaileek aurreikusi bezala, hasiera "borobila" eman diote emakumeen euskarazko literatura ardatz duen liburu azokari; izan ere, Mariasun Landa idazleari aitortza eginez ekin diote astebururako prestatutako ekimenari. Iaz aitortza jaso zuen Arantxa Urretabizkaia izan zuen ondoan Mariasun Landak atzokoan, eta bien arteko solasaldiarekin ireki zuten azoka. Euskararen eta literaturaren bueltan egindako berriketaldiaren ostean, Urretabizkaia arduratu zen Landari saria emateaz, eta txaloz hartu zuten bertaratutakoek. Haur literaturan ibilbide oparoa du Mariasun Landak, eta egindako lana aitortu nahi izan diote Geure Gelatik azokaren sustatzaileek. Saria jaso berritan hunkituta eta eskertuta agertu zen Landa. Behin saria banatuta, Landak Annie Ernaux 2022ko Nobel sarituari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Arratsaldean zehar liburuak erosteko aukera izan zuten herritarrek, eta Urretabizkaia zein Landa liburuak sinatzen ere aritu ziren. Gaur, larunbatez, jarraituko du Geure Gelatik liburu azokak, eta goizetik iluntzera arteko egitarau betea izango dute Elkarguneko Herriko Plaza aretora joaten direnek.
Back to Top
INFOSARE  ERLO TELEBISTA GITB 28kanala OIZMENDI
TOKIKOM ej