22. Korrikarekin bat egin dute herritarrek Zestoatik hasi eta Oriora arte

7807

Deskribapena

Ordu txikitan, baina gure eskualdetik pasa da azkenean 22. Korrika. Goizeko ordubata terdiak pasata iritsi da Korrika Zestoara, eta bai herrigunean eta baita inguruko auzoetan ere harrera beroa izan du euskararen aldeko festak. Desordutan iritsi da Korrika ere Zumaiara. Goizeko hiruak baziren ere, jendetza atera da kalera euskararen alde lasterka egitera. Argi dago zumaiarrek ez dutela zalantzarik egin euskararen aldeko ekimenean parte hartu eta euskarari beren bultzada emateko. Zumaiatik Getarira abiatu da Korrika. Han ere ehundaka herritar zeuden zain lekukoa hartu eta korrika egiteko. Alde zaharretik buelta bat emateko tartea hartu dute korrikalariek, errepidera bueltatu eta Zarautz aldera egin aurretik. Lau terditarako zegoen iragarrita Korrikaren iritsiera Zaratzera, baina dexente lehenago herriko sarreran jendea biltzen hasia zegoen. Urduritasuna eta gogoa nahasten zen goizaldeko hego haizearekin. Azkenean, Korrika iritsi da herrira, eta zarauztarrek lekukoa hartu dute. Jende uholde baten babesean itzuli ederra eman dio Korrikak herriari. Bostak eta laurden inguru Oriogañan ikusten ziren argiek Korrikaren iritsiera iragartzen zuten. Sekulako jendetza bildu da Orion ere euskararen alde korrika egiteko, eta momentu hunkigarriak ere egon dira. Irudi hauek ikusita esan genezake 22. korrikak gure eskualdean arrakasta handia izan duela. Goizeko ordu txikietan izan arren, herri guztietan jende asko eta asko atera baita Korrikarekin bat egitera.

Back to Top
INFOSARE  ERLO TELEBISTA GITB 28kanala OIZMENDI
TOKIKOM ej